ROCK EH

Prezioak : 9 €tik 12 €rat / Bertan 15 € / Kide Urririk
ORAIN EROSI

21:00 URTARRILAREN 31a OSTIRALA

WILLIS DRUMMOND / ZUGZWANG AURKEZPENA - RELEASE PARTY

Engaiamenduari buruzko galdera sorta dakar Zugzwang disko berriak: nori lehentasuna? zeri lehentasuna? zu noiz hasten zira? eta gu noiz hasten gira?
2019ko diskoa da bete betean Zugzwang, Willis Drummonden estudioko seigarren diskoa. Gaur eta hemen bizitzen ari garenarekiko autokontzientzia ariketa bat egin du taldeak eta horrek galdera andana eragin die gaur eta sortzaile gisa duten egitekoari: nahikoa da kantatzea? edo sortzaileak kantatzeaz gain, bestelako engaiamendu bat izan behar du? kantatzeaz gain beste zerbait egin behar du? Eta entzuleak?
Garai garaiko diskoa da Zugzwang, bizi gaituen garai honetan gertatzen ari zaiguna islatu nahi duena, alegia, horren sakon eta larria dirudien krisi ekonomiko, sozial eta ekologikoak jende aunitz eragiten ari den ezinegona islatu nahi duena. Ilunak bezain gogorrak dira letrak, baina era berean, baita baikorra ere.
Zugzwang diskoan sonoritate aberastasuna bilatu du Willis Drummond taldeak. Disko aberats eta erliebe handikoa gorpuzten saiatu dira. Hala, teklatuak, tronboia, saxoa edo gorpuzkera ezberdineko gitarrak entzun daitezke. Kantaeran ere ñabardurak dakartza. Tono aldaketa asko dago diskoan. Letra bakoitzak, doinu bakoitzak, aldarte bat iradokitzen du.
Artisau eran ondutako diskoa da Zugzwang. Diskoaren sormen prozesua aurrekoengandik ezberdina izan da, bai konposaketaren aldetik bai kantak lantzeko moduari dagokionez ere. Johannes Buffekin ekoitzi dute diskoa. Johannes, Felixen anaia izateaz gain, estudioko eta zuzeneko soinu teknikari eta ekoizle experimentatua eta aitortua da bai kanpoan (Thurston Moore, Dalek, Enablers, Lee Ranaldo, The Drones…) baita Euskal Herrian ere ( Lumi, Joseba Irazoki & Lagunak, Orbel…). Diskoa Berako Atala estudioan grabatu zuten aurtengo udan Iñigo Irazoki taldearen zuzeneko soinu teknikariaren estudioan. Nahasketa lanak Johannesen Endnote estudioan egin zituzten, abuztuan.
Masterizazioa John Golden ingeniariaren Golden Mastering ( Ventura, AEB ) estudiokoen esku utzi zuten, A ala B eta Tabula Rasa masterizatu zuten berberek. Oraingoan ere oso pozik daude lortutako emaitzarekin.
Ramon Zabalegi artistarenak dira diskoaren azala zein barruko diseinua. Potreta bat sortu du Ramonek, hiru taldekideen aurpegien batura, Willis Drummond taldearen aurpegia litzatekeena, Willis Drummond talde kooperatiboa baita, zeinetan bakoitzak garrantzi berbera duen.